Lezatik Nabaridaserako errepidetik gertu samar kokatua, Lezako errota bere estiloan bakarra da Guardia- Arabako Errioxako Kuadrillan, oraindik gaur egun ere martxan jarraitzen duelako. Oinplano errektangularreko eraikina da, harlangaitzezko hormekin eta harlanduarekin indartuta kantoietan. Bi isurialdeko estalkia du, zurezko soliben gainean ezarritako teilarekin antolatuta. Alea ehotzeko gelara, mendebaldeko horman pixka bat deszentratuta dagoen bao dinteldun batetik sartzen da. Errota-mahia hormigoi enkofratuz egina dauka, bi harri-jokorekin, eta oraindik kontserbatzen ditu harri-kaxak eta arku-garabiaren gapirioak.
Eskuineko jokoa bere tobera piramide-enborkaraz, kalakaz eta irin-kutxaz hornitua dago. Mahaira igotzeko harmaila batzuk igaro behar dira erdian, zorrotearen arraunekin, eta berorren bi muturretan, berriz, harriak erregulatzeko bolanteak daudela erreparatzen dugu. Sala honek polea-jokodun ardatz bat dauka sabaian, garbigailuari eta galbaheari eragiteko. Tramankulu horiez aparte, gaur egun dauden errotariek diotenez, bazen ogi-labe bat ere, baina ez da kontserbatu. Errota-etxearen atzean gaileta dago, ondo landutako harri hutsez egina bere azken partean; poligono-itxurakoa da eta inbutu-tankera hartzen du zorrotearen eta bularraren aldean. Antaparako ura hartzen duen partea hondeatua dago, kanalaren zabalgune-modura. Errota honi buruzko dokumentazio historikoa oparoa izan da egia esan, eta horregatik, nahiko erraz diseina daitezke elementu honen bizitzako ildo nagusiak: bere osaera arkitektonikoa eta bere funtzionamendua, eraikinaren aurrekarietatik hasiz, izan ere toponimia aldetik begiratuta orain galdua duen baina XVIII. mendean “Los Molinos” deitzen zuten lekuan baitago. Eta hori ez da hutsaren hurrengo datua, zeren eta errota berria eraiki zenean, artean antzematen baitziren beste zaharrago baten aztarnak: “…en el mismo rio ha havido uno anttiguo y por esto sin duda se llama el rio de los molinos…a distancia de un tiro de bala poco mas o menos del nuebo molino se registran y permanecen vestigios y señales de molino antiguo” (1). 1760ko dokumentu batek obra honen parte bat finantzatzeko modua deskribatzen digu: Burgueta-ko bizilagun Francisca de Guinea-k Lezako herriari emandako zentsu bat (2).
Handik urtebetera hasi ziren errota jasotzen, baina Eltziegok Valladolideko Txantzileriaraino iritsi zen demanda bat jarri zuen, errota berriarengatik protesta eginez. Herri honen arabera, bere lur ureztatuak eta bere kontzeju-errota elikatzen dituen ibaiari emaria gutxituko dio. Lezako errota Mayor ibaiaren –hau da, Leza, Nabaridas eta Eltziegoko mugapeak bustitzen dituenaren– ertzean dago, eta, hortaz, bera da herri hauentzako ur-iturri printzipalena. Leza, berriz, defendatzen da esanez tramankulu hidrauliko hau ez dela inguru hartako lehenengoa, eta, edozein modutara ere, ibaiari kenduko dion emaria oso txikia izango zela, ura berriro ere bere berezko bidera itzuliko da-eta errotapetik barrean. Auzi hori, Karlos III.aren gutun betearazlearen moduan iritsi zen udal-artxibora, kausa guztia jasoz, errotaren deskripzioa eta guzti. Horri esker, oso ondo dakigu nolakoa zen jatorrizko elementua (3). Harlanduzko bi presa zeuden ibai nagusian, errotaren iparraldean seguruenik ere, gero Mayor ibaia eratzen duten eta mugapearen goiko parteko hainbat iturbururen urak biltzen dituzten errekak (Quintana eta San Martín alde batetik, eta Cogolluda bestetik) elkartzen diren puntuan. Bi presa “de piedra sillería para conttener y represar las aguas
y estraviarlas y conducirlas para dicho molino” (4). Horietako batek 25 oinkadako luzera eta 4,5 oineko loditasuna du, eta besteak, 15 oineko luzera eta 4,5eko loditasuna. Ureztabidea edo kanala eta gaileta ere Eltziegok demanda jartzen duenean eginak dira: : “…a fin de dirigirlas aun estanque muy profundo y dilatado para el depósito y estancación de todas las dichas aguas para que así recogidas a impulso de ellas y su mucho peso, pueda moler el referido molino” (5).
Errota-etxea harlangaitzezkoa da, sarrerako atearekin eta bi leihorekin. Zurezko turtuki batek eta alea ehotzeko harri-joko batek osatzen zuten aipatu dokumentuak deskribatutako ekipamendua. Hori, ordea, ez dator guztiz bat egun ikusten den makineriarekin; zeren eta, orain turtuki bat bakarra badabil ere, ba baitago bigarren bat, geldirik, eta bi-biak burdinazkoak baitira. Turtukien kopuruan eta materialetan eboluzio hori izatea erabat normala eta bidezkoa da 250 urtetik gorako elementu batean. Deskripzioek, bestalde, ez dute ematen antzinako presak eta gailetak egun ikusten ari garenei dagozkienak direla baieztatzeko biderik. Martín eta Domingo de Imaz arduratu ziren haiek egiteaz, Leintz-Gatzagako aita-semeak hurrenez hurren. Eraikuntza honek buruhauste bat baino gehiago sortu zuen: Kontzejua ez baitzegoen batere gustura eraikitzaileekin, eta entregatzeko data – hasiera batean 1760ko Domu Santurako aurreikusia zegoena– atzeratu egin zen (6). Eltziegok jarritako demandak ere aldi batez gerarazi eta atzeratu zuen eraikuntza. Hala ere, ordea, justiziak Lezari eman zion arrazoia eta kontzeju-errota bukatzera iritsi zieren, eta honek bere jarduerari ekin zion. Lehenbiziko errotari maizterra Gregorio Barrón izan zen, Entrena-ko (Errioxa) bizilaguna eta Cenicero-ko errotaria. Honek 1765etik 1769ra bete zuen postua. Eta horren ondoren beste hauek etorri ziren: Millán Fernández (Nafarroako Cabredo-koa), Pedro Antonio Martínez de Lahidalga (Leortzakoa) eta Nicolás de Pavía (Lezakoa). 1781ean, Antonio Ruiz-ek (Logroñokoa), Lucas Ruiz-ek eta Concepción Díaz-ek (Lapuebla de Labarkakoak eta senar-emazteak) errota errentan hartzen dute, honako baldintza hauekin:
1. Errotako ondasun guztiak tasatuak izan dira entregatu aurretik. Kontratua amaitzean, makineriak eta tresneriak entregatzeko unean baino gutxiago balio baldin badute, maizterrek konpentsazio bat emango diote Kontzejuari, eta bestela, berriz, herriak emango die errematatzaileei eman beharreko kalte-ordaina.
2. Presen eta gailetaren konponketak herriaren kontura izango dira, eta gainerakoa maizterren ardurapean egongo da.
3. Kontratua amaitzean, herriak eta errematatzaileek, gaian adituak diren maisu banari errota ikuskatzeko eta errotaren berariazko ondasunak tasatzeko ardura emango die.
Paganosko bizilagun Fernando Gómez de Olano izango da errotaren eta berarekin lote berean doan lursailaren errematatzaileen fidatzailea. Errentaren kopurua 119 dukatekoa izango da urtean, lau epetan ordaintzekotan. Kontratua sei urtekoa izango da guztira (7). Horien ondoren, beste hainbat errenta-kontratu etorriko dira, beti antzeko baldintzekin baina errotari desberdinekin, hala nola, Antonio Pascual (1787, Bastidakoa eta errotaria), Patricio del Río (1793), Francisco Infante (1799, Nafarretekoa eta Errioxako Aranzana de Abajo-ko errotaria), Francisco Rubin (1801, Errioxako Hormilla-koa), Cosme Ruiz (1810), Antonio Alonso (1823), edo Manuel Ruiz (1834). 1813an, errotako zubiaren konponketari buruzko berri txiki bat ageri da (8). Zubi hori gaur egun hormigoizkoa da, Mayor ibaia zeharkatzen duena, errota-etxera iristeko bidean. Irinfabrika hau gaur egun daramaten oroitzapenean dagoen beste elementu bat, ogia erretzeko labea zen, eta idoro dugu guk ere horren aipamen bat jadanik 1832ko dokumentu batean (9). Alabaina, badirudi Lezako errotaren funtzionamendua Kontzejuaren eta partikular baten arteko errentaeskritura batean oinarritzen deneko azken dokumentua 1837ko urtean egin zela, zeren eta urte horretan Lezako herriak Pipaongo Nicolás Fernández-i lagatzen baitio, sei urterako, errotaren usufruktua, aurretik 6.500 erreal ordaindu ostean. Estrategia-aldaketa horren arrazoia argi askoa da: “…para salir de los grandes apuros y urgencias que les ocasiona la presente guerra [lehen karlistaldia]” (10) . XIX. mendearen amaierako dokumentuek (11) giro hala-holako eta dudamudako bat azaltzen digute, azkenean auzitegietan argitu behar izan zen-eta. Herriaren eta Pipaongo Nicolás Fernández-en arteko kontratuak badirudi mugagabeko denboraldirako lagatzen dizkiola bigarrenari errotaren eta bere lursailaren usufruktuak, baina jabetza, azken batean, Lezaren eskuetan geratzen dela betiere. Horregatik, errentamendu soil batetik askoz harago badoa ere, jabetza pribatu batean bukatuko lukeen erabateko salmenta izan gabe jarraitzen du. Jabetza pribatuak 1861ekoa dela ematen du, hau da, Biasteriko Román Díaz de Guereñu-k errota 8.300 errealen truke erosi, eta oraindik gaur egun jarraitzen duen zerrendari hasiera eman zionekoa (12). Egia da, bestalde, 1901ean, D. Nicasio errotaria kexu dela udalak, errotaren banaketari buruzko kuotetan, ez duela kontuan izan denbora partzialean –urte-heren batean, hots, ur asko den garaian– bakarrik erabiltzen duen bigarren errotarria, edo alderantziz, zeren gailetak ez baitu bi harri-jokoak batera aritzeko adinako emaririk izaten. Lehenbiziko aldiz aipatzen da hemen bigarren harri-pare bat (13). XX. mendeko lehen edo bigarren hamarraldian, dinamo bat eta turbina bat erantsi zitzaizkion irina egiteko makineriari, errota-etxean eta Díaz de Guereñu familiaren etxebizitzan –bere jabeenean– argindarra izateko (14).